Thomas Dutronc

Uztailaren 9an (ostirala) – Gaztelu Zahar pilotalekuan – 21h00

Gitarra Ahotsa : Thomas DUTRONC / Gitarra : Rocky GRESSET / Bateria : Denis BENARROSH / Kontrabaxua Thomas BRAMERIE / Pianoa : Eric LEGNINI / Saxofoia : Sophie ALLOUR / Tronpeta : Malo MAZURIE / Tronboia : Michaël BALLUE.

Hainbeste gauza eder, hainbeste gauza eder dugu bizitzeko, entzuteko, elkarri errateko oraindik… Eta zertarako litzateke, bestela, musika horretarako ez balitz? Bihotzak lasterxeago, azkarxeago punparazteko. Berak, gauza ederrak, haurtzarotik ditu ezagutzen, hatz muturretan bertan. Badu Obelix alde bat, kinkilixeago baina: halako gurasoekin zer besterik, diote, baina sekretu da halere, lapiko barnera erori omen zen txikitan. Zeren Thomas Dutronc ez baita arkuan sei soka bakarrekin ari. Hamazortzi urte zituen gitarra ezagutu zuenean eta Django zen jotzen ari. Errebelazioa: Dutronc Saint-Ouen aldera doa, maisu handiaren jokamoldea iraunarazten duten gitarrajole ijito onenengandik ikastera, lehenik eta behin Biréli Lagrène delakoarekin. Hiru album, gisa guztietako hainbat lankidetza (Julien Clerc, Charles Aznavour, Eddy Mitchell…) eta filmetako musika zenbaiten ondoren, Thomas Dutronc-ek «Frenchy» argitaratu berri du, zeinean abesti ospetsu nagusiak bere egiten baititu, lehen mailako gonbidatu andana batek lagundurik (Diana Krall, Stacey Kent, Etienne Daho…). Arimara zuzenean kantari ari zaizkigun hainbat abesti, Hendaia xarmatuko dutenak ikuskizun bikain batean (8 musikari taulagainean, haien artean gitarra haurride duena, hau da, Rocky Gresset!) gogora heltzen zaizkigun uhin ederrenen tempo melankolikoan.

Mike Stern

Mike Stern

Uztailaren 8an (osteguna) – Gaztelu Zahar pilotalekuan – 21h00

Gitara : Mike Stern / Bateria : Nicolas Viccaro / Baxua : Hadrien Feraud / Saxofoia : Stéphane Guillaume.

Haren bizitza kontatzea jazz-aren historiaren alde ospetsuenetako bat kontatzea da. Hori bai poza, bai eta ohorea ere Guitaralderentzat, aurten Mike Stern handia hartzea! Pat Metheny-k Berklee-n ikusi eta gomendatu zuen oraindik 22 urte eskas besterik ez zuelarik; Blood, Sweat and Tears taldera sartu zen, eta gero Billy Cobham-ekin aritu zen. Bera hautatu zuen Miles Davis-ek, 1981ean handizki itzuli zenean, hainbat urte turuta ez beste deabrurekin borrokan aritu ondoren. Berehala bilakatu zen fusion musikako ezinbesteko gitarrajolea (Jaco Pastorius, Brecker anaiak, Steps Ahead, Yellowjackets…), eta, aldi berean, bere kasa hasi zen ere, bakarlari; horrek nazioarteko kritika sari handienak ekarri zizkion, tresnajole finenez inguraturik (Elvin Jones, Peter Erskine, Dennis Chambers, Dave Weckl, Bob Berg…). Haren estilo ikonoklasta 80. urteetan nagusitu zen, kode guztiak urratuz. Rock eta jazz eraginak nahastekatzea? Egin ote zitekeen, baina?!… Ikusteko genuen zer genuen entzuteko! Mike Stern ez da generoetan galdu eta bere koktel berearen asmatzailea da. Lirikoa, gaztetan ezagutu zuen Jimy Hendrix-en shaker-ean murgildu zen Sonny Rollins-en gisara, Coltrane baten abanguardiaz joz zerbitzaturik; ondorengo gitarrajoleen belaunaldiei bidea ireki die. Mike Stern Hendaian arituko da lehen mailako laukote batekin, hala Frantziako nola nazioarteko taulagain guztietan ukan nahi dutena: Nicolas Viccaro baterian (Bill Evans, Bireli Lagrene…), Hadrien Féraud baxuan (McLaughlin, Chick Corea…) eta Stéphane Guillaume saxoarekin (ONJ, Quincy Jones, Nougaro…). Ez inolaz ere gal!

Michael Jones eta JM Ecay

Michael Jones
Michael Jones
Jean-Marie Ecay
Jean-Marie Ecay

Uztailaren 9an (ostirala) – Gaztelu Zahar pilotalekuan – 21h00

Inoiz ikusi gabeko afixa Michael Jones eta Jean-Marie Ecay bilduz urteurren kontzertu honetarako! Biak ezagutzen ditugu, elkarren oso bestelako musika ibilbidetan. Lehena luzaz aritu zen Jean-Jacques Goldman bere betiko konplizearekin elkarlanean; gero Frantziako barietatearen nagusiei eskaini zien bere gitarra (Johnny Hallyday, Florent Pagny…). Bigarrena, berriz, sei sokakoaren jazz urregina eta festibalaren orkestraburu nekagaitza, rock-a gorputzera loturik du Itoiz urteetatik hona eta abeslari handienak lagundu ditu (Claude Nougaro, Jacques Higelin…). Baina bada ere bien artean elkarri dioten musikako begiramen handia. 2016an, Michael Jones aritu zen, Zokoburu plazan, guztion gogoan oraindik dugun eta Guitaralde gitarra guztien festibala bezala azaltzen lagundu zuen kontzertu bat. Sorkuntza berezi-berezia: elkarrekin arrats honetan proposatzen diguten bikote unplugged formula, elkarren erronka handi baten gisa, Michael Jones-en abestien sentiberatasuna Jean-Marie Ecay gitarrajolearen maisutasunaren proban jarriko dituena. Eta alderantziz ere bai, noski, gure atseginerako.

Ruper Ordorika

Ruper Ordorika

Uztailaren 7an (asteazkena) – Gaztelu Aretoan (ordaindu beharreko kontzertua) – 21h30

Ahotsa Gitarra : Ruper Ordorika / Gitarra, biolina eta mandolina : Arkaitz Miner / Bateria : Hasier Oleaga.

 “Unibertsal dena tokikoa den berbera da hormak kendurik”. Ez da zalantzarik Ruper Ordorika euskal kantariak bete-betean irudikatzen digula Miguel Torga portugaldar idazlearen erranaldi hori. Inork baino hobeki jakin baitu euskal rock-folk abestiari azentu horren unibertsalak ematen, hizkuntza omen litzatekeen hesiaren gainetik bihotzak ukituz, Song-writer errepertorio tradizionala Bob Dylan-ekin nahasten dituena, bai eta Bernardo Atxagaren hitzak rock musikari anglosaxoiekin edo Ben Monder handiaren jazz aitzindariarekin; bere azal eta goroldio ahotsa dotore asko diren gitarren gainean arrastatzen du, diskoz disko. Taulagaineko gizona, partekatu eta aditzen duena, entzuleekin topatzea gustuko duena, mugaren bi aldeetan egin hainbat eta hainbat kontzertuk erakusten duten gisan, bai eta Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatu berri duen azken diskoak ere. Bere ohiko laukotearekin arituko zaigu Hendaian; kasu berezia egiozue haren sideman sotilari, Arkaitz Miner gitarra joleari, Ruper Ordorikaren ahotsa giro psikodeliko eder askoetan biltzen duena.

Pauline eta Juliette

Pauline & Juliette

Uztailaren 8an (osteguna) – Gaztelu Zahar pilotalekuan – 21h00

Euskal folk musikaren berritzaileak dira, zalantzarik gabe. Pauline eta Juliette kolegioko bankuetan topatu ziren, 2014. urtean, Téléthon-erako kontzertu batean, eta musikazko bat-bateko amorostea izan zen egiazki. Ordudanik ez dira bereizi eta kontzertutik kontzertura ibili dira, beren adin gaztearen berritasuna ufatuz euskal tradizioan sustraitu kantuetan edota 70. urteetako songwriters handien errepertorioan (Simon and Garfunkel, Neil Young, Bob Dylan…). Haien azken diskoak «Veloma», 2020an argitaratuak, 12 titulu berri dakartza, haietan 7 jatorrizko kantuak, atsegin handiz nahastekatzen dituztenak folk musika, world musika eta afro musika. Richard Bona-ren «Mantaga» kantuaren bertsioa baxujole maisuak berak ospatzen du. 2018an kontzertu seinalatua eman ondoren, festibalaren OFF programaren barnean, Guitaralde bozkariatzen da orain berriz harturik eta zoragarri bateratzen diren haien bi ahots eta bi gitarrak entzutera emanez.

Bruno-Michel Abati

Bruno-Michel Abati

Uztailaren 7an (asteazkena) – Abadia Gaztelu-behatokian (ordaindu beharreko kontzertua) – 19h00

Musika dugu beti bidegurutze ederrena, eta Bruno-Michel Abati zerbaiten jakile da horretan, hainbat eta hainbat eragin gurutzatzen baititu. Dakar-en sortua, ama Cabo Verde-koa eta aita Martinikakoa zituelarik; Nîmes-en hazi zen, lehen musika sehaska gertatu zitzaion reggea-ren erritmo kulunkarietan. Baina musika klasikorantz jo zuen eta Marseillako kontserbatorioan ikasi, René Bartoli-ren ikasgelan. Urrezko medaila irabazi zuen han; gero Pariseko Musika Institutuan, Roland Dyens-ekin ikasi zuen; horrek irakatsi zion brasiliar musiken soiltasun harmoniko eta erritmikoa. Bikaintasun saria jaso zuen lehenik, gero goi-mailako saria. Hamar urte luzez, zerumuga horiek nahastekatzen aritu zen Musyriade laukotean; gero, sorkuntza baten denboran, Brassens-en abestiak samba «da Bahia» deiturikoan murgildu zituen. Gitarra klasikoko irakaslea Villeurbanne-ko Musika, Dantza eta Antzerkiko Nazio Eskolan eta kontzertu emailea, gitarrako errepertorio handia bere arima osatzen duten musika guztiekin eta literaturarekin edota irudiarekin ere lotzen duten proiektu anitz egin ditu. Hamargarren aldi honen irekitze ekitaldi gisa, Guitaralde bozkariaturik da haren ikuskizuna aurkeztuz, non musika tresna hutserako obra klasikoek eta abesturiko zatiek musikaz azalduko baitituzte gure mestizaje ederrenak.

Artisten aurkezpen guztiak Frédéric ARIBIT idazleak eta Guitaralde elkartearen Lehendakariak idatzi ditu.

KONTZERTUEN PREZIOAK:
EK (enpresa komiteen) prezioa = harpidetza txartelak, GPVH, enpresa komitea, Guitaralde elkarteko kideak Prezio murriztua = minimo sozialak -RSA, AAH, ASI, ASPA-, langabetuak, ikasleak, ikuskizunetako intermitenteak (frogagiria kontzertuen sarreran aurkeztu beharko da)

Uztailaren 7ko kontzertuak: Bruno Michel ABATI / Ruper ORDORIKA
• prezio osoa 20.50 €
• KE prezioa 15.50 €
• prezio murriztua 12.50 €
• bertan, kontzertuen egunean 23.00 €

Uztailaren 8ko kontzertua: PAULINE & JULIETTE – Mike STERN
Uztailaren 9ko kontzertua : Michael JONES/Jean Marie ECAY – Thomas DUTRONC
• pprezio osoa 25.50 €
• KE prezioa 20.50 €
• prezio murriztua 17.50 €
• bertan, kontzertuen egunean 28.00 €
2 kontzertuetarako PASEA, uztailaren 8an eta 9an: 43.00 €
Argibideak: mendizolan@hendaye.com – mugikorra 0559483049